XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egoera urtar eta oxigenatuan aleazio baten korrosioarekiko portaera 9.32. irudiko motakoa izan daiteke.

Irudi horretan Fe/% 12 Cr aleazio baten adibidea adierazten da.

Ikusten denez, disoluzio neutro eta arinki aireatuan aleazioa pasibatu egiten da eta posible den erreakzio katodikoa oxigenoaren erredukzioa da.

Irudiaren arabera Ekor korrosio-potentziala pasibazio aldean izaten da (polarizazio anodikoaren eta katodikoaren kurben ebakiduran).

Baldintza horietan ingurune horretan aleazioa autopasibatu egiten dela esaten da, eta ondorioz, materialaren pasibazioa lortzeko ez dago kanpoko potentzialaren beharrik.

Korrosioarekiko erresistentzia handiko aleazioetan autopasibazioa oso mekanismo garrantzitsua da.

Kasu horietan geruza babestailea hausten baldin bada, berehala sortuko da berriz.

Egoera horretan izaten dira Cr-edukina % 12 baino handiagoa duten altzairuak.

Giro urtar neutroetan altzairu hauek herdoilgaitzak dira eta izen horren bidez ezagutzen dira.

Dena den, ingurune korrosiboan kloruro ioiak baldin badaude, altzairu herdoilgaitzen pasibazioa askoz zailagoa da, 9.26. irudian adierazi zenez.

Gauza bera gertatzen da pH-aren balioa neutrotasunetik urruti dagoenean.

9.3.2. Korrosioaren aurkako babesa

Korrosioaren aurkako babesa lortzeko elektrokimikaren printzipioetan oinarritutako prozedura desberdinak daude.

Lehen adierazi zenez, korrosio-prozesu batean alderdi katodikoak eta alderdi anodikoak egon behar dutelako, eta gainera korronte katodikoa eta anodikoak berdinak izan behar dutelako, bi erreakzio horietako bat galaraziz korrosioaren aurkako babesa lortzen da.

9.3.2.1. Babes katodikoa

Gasak, petrolioa eta beste produktuak garraiatzeko lurperatutako altzairuzko tutuak babes katodikoaren adibide bat dira.

Tutuen inguruan nahikoa hezetasuna izaten da eta sakonera oso handia ez baldin bada, nahikoa oxigenoa ere bai, erreakzio katodikoaz oxigenoaren erredukzioa izateko ((9.24) erreakzioa).

Nahiz eta tutua material polimeriko baten bidez babestea posible izan, praktikan prozedura hori oso konplexua da (polimeroa kalte daiteke tutuak erabiltzean eta gainera soldadura-prozedura askoz zailagoa izan daiteke).

Beraz, beste prozedura batzuk erabili behar dira.

Hauetan ezagunenetariko bat galera-anodoak erabiltzea da.